mugikortasun iraunkorra

Irailaren 16tik 22ra ospatuko den Mugikortasun Astearen aitzakian, argazki lehiaketa antolatu dute Targazki Tolosaldeko Argazkilari Taldeak eta Tolosaldea Garatzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Mugikortasun iraunkorra da, bere osotasunean, lehiaketaren gaia eta edozein egoera irudikatu ahal izango da argazki bidez: dela bizikletan, dela garraio publikoan, oinezkoen bizitza... Sormenari bide emanda, edozein teknika erabili ahal izango da.

Tolosaldeko biztanle guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, Targazki elkarteko kideek izan ezik. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez lau argazki aurkeztu ahal izango ditu, betiere, ur-markarik gabe eta 5 MB baino gutxiagoko pisua duten .jpg formatuko artxiboetan.

Parte hartzeko, targazki.fotogenius.es webgunera kargatu beharko dira argazkiak, eta irailaren 20a izango da horretarako azken eguna. Targazki elkarteko hiru kidek osatuko duten epaimahaiak hilaren 22ean hartuko du erabakia, eta hurrengo egunean emango du erabakiaren berri.