LOMCEri EZ!

 

LOMCEren aurka kontzentrazioa eta manifestazioak

Hezkuntza erreformatzeko LOMCE legea etzi onartuko du Espainiako Kongresuak, behin betiko. PP bakar-bakarrik geratu da legearekin, baina aurrera egingo du, gehiengo osoa baitauka. Legea onartuko dela ziur jakinda, protestara deitu dute hezkuntzako eragileek. Tartean daude Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, EILAS, Sortzen Ikasbatuaz, Hik Hasi, Ikasle Abertzaleak eta UEU Udako Euskal Unibertsitatea. EHIGE gurasoen elkarteak, ohar baten bidez, bat egin du deialdiekin, eta parte hartzera deitu du.
Hemen duzue gaur Bilbon egindako agerraldian irakurri duten testua.
  

 
Espainiar Estatuko Senatuak onespena eman ostean LOMCE, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa eraikitzeko gainditu beharreko lehen oztopoa, Madrileko Kongresutik pasako da azaroaren 28an, behinbetiko onartua izateko. LOMCE, Hezkuntza Lege izateko, dagoeneko Estatu Espainolean egin beharreko bidearen amaierara iristen hasia da. Hala ere, bidearen amaierara bidearen hasieran zuen bakardade eta kontrakotasun gehiagorekin iritsiko da.

Makina bat dira LOMCE lege egitasmo honen aurka eginiko ekimen eta mobilizazioak, baina Euskal Herrian jarrera defentsiboa hautatu beharrean jarrera ofentsibo batekin aurre egiten ari gatzaizkio. Euskal Herrian “LOMCEri ez” soil batetik haratago, honi aurre egin eta bere aplikazioa ekiditeko moduak lantzen ari gara. Edozein kasutan, eraso berri honi eta etorkizunean etor daitezkeen erasoei aurre egiteko modurik egokiena, Euskal Herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioaren eraikuntza dela pentsatzen dugu. Honela bada, azken hamarkada luzetan, inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik bestelako hezkuntza eredu bat ehuntzen joan gara. Asko dugu oraindik egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz, baditugu abiapuntu diren eta garatzeko premia dutela uste dugun adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak:

  • Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.
  • Euskal Herriarentzat curriculum propioa.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.
  • Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.
  • Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.

Hau honela, hezkuntzako eragile ezberdinek, aldez aurretik egin dugun moduan, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Eta honekin batera gure herriko gobernu, alderdi, hezkuntza eragile eta jendarte osoari dei egiten diogu gure herriak behar eta nahi duen hezkuntza indartzeko eta Euskal Herrian erabaki eta eraiki dezagun pausoak ematera.

Gure aldetik, deialdi hau luzatzen dugun eragileok, edozein delarik ere gobernu eta alderdien jarrera, LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko gure konpromisoa berresten dugu eta horretan ari gara lanean. Eta arestian aipatutako ezaugarrien baitan, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren bidean lan eginez bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu.

Tamaina honetako erasoen aurrean konpromisoak hartzeko garaia dela pentsatzen dugu. Beraz, Euskal Herriko hezkuntza komunitateari eta jendarte osoari dei egiten diogu LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren eraikuntzan parte aktibo izatera. Bide horretan, azaroaren 28an, LOMCEa Espainiar Kongresuan behin-betiko onartuko den egunean, ikastetxeetan egingo diren elkarretaratzeetan eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutuko diren manifestazioetan parte hartzerako deia egiten dugu.

  • Bilbon, 18:30etan Eliptika plazatik.
  • Iruñean, 18:00etan Autobus Geltoki zaharretik.
  • Gasteizen, 18:00etan Bilbo plazatik.
  • Donostian. 18:30etan Bulebarretik.

Honekin batera, azaroaren 27an Eusko Legebiltzarrean LOMCEren inguruko eztabaida monografikoa izango delarik, elkarretaratzea burutuko dugu 11:30etan alderdi politikoei gure aldarrikapenak entzun, LOMCE ez ezartzeko konpromisoa har eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzaren eraikuntzan pausoak emateko engaiamendua publikoki adieraz dezaten eskatzeko.

Euskal Herrian, 2013ko azaroaren 26an
  

  

Etiketak: